Atsegin handiz gonbidatzen zaitugu Arakadia Elkartearen aurkezpenera Iruñeko UNEDen (UHUN), otsailaren 16an, asteazkenean, 19:00etan.
Talde erakusketa bat izanen da, eta bertan, lehen pertsonan, antropologiako lanez eta esperientziez hitz egingo da, bai UHUN barruan egindako ikasketetaz, bai ondorengo garapenetaz. Parte hartzeko giroa sortu nahi genuke, galderak, erantzunak eta kezkak trukatzeko. Hemen gauden pertsona batzuk Iruñako UHUNean ikasi dugu eta bertako ikasleen zailtasunak hurbiletik ezagutzen ditugu.
ARAKADIA Antropologia Elkartea, antropologiako profesionalek, ikasleek eta analisi soziokulturalean interesa dugun pertsonek osatzen dugu. Antropologia, mundu globala ulertzen lagun diezaigukeen diziplina da, baina baita ere egoera lokalak ikertu eta ulertzeko diziplina. Elkartea modu horizontal eta demokratikoan egituratu da, eta antolamendu gardena, parte-hartzailea, independentea eta plurala izan nahi du.
Aukeratutako izena, ARAKATU euskal hitzaren (aztertu, ikertu, analizatu) eta ARCADIA grekoaren arteko nahasketa da, gizakiok gizartean imajinatzen eta praktikatzen ditugun komunitateen erreferentzia-ikur gisa ikusiz.
Gure asmoa topaketarako eta komunikaziorako gunea izatea da. Antropologia oso ezezaguna da oraindik jendartearen zati handi batentzat; horregatik, tresna bat izan nahi genuke gizartean ikusgarritasuna eta ezagutza publikoa lortzeko; talde-lanaren bidez, jendartearen eskura dagoen antropologia bultzatzen dugu.
Gure partaidetza-kulturakoak ez diren beste pentsamolde batzuei buruzko begirada gogoetatsua erakutsi nahi dugu, begirada bitxia, Bestea aurkitzen lagunduko diguna, besteen ohiturak eta norberarenak modu trinkoan eta arrazoituan aztertzen dituen begirada. Epaiketarik, sailkapenik edo aurreiritzirik gabeko begirada; izan ere, antropologia etengabe eraikitzen ari den ezagutza/zientzia da, egia absoluturik gabea. Historiari eta orainari buruzko begirada. Gizakia, pertsonak, analisi soziokulturalaren ardatzean kokatzen dituen begiradan oinarritzen da. Uste dugu aldaketa kultural azkarren eta identitatearen birkonfigurazioen garaietan beharrezkoa dela kulturak ulertzeko begirada bat izatea, baina horrek ez du esan nahi arlo guztiak partekatzen ditugunik.
ARAKADIAko kideok konpromisoa hartu dugu gure azterketa eta ikerketa-lanetan kode etikoa erabiltzeko, giza eskubideak, sozialak, zibilak, politikoak eta ekologikoak kontuan izanik.
ARAKADIAk ikasleentzat eta elkartekideen prestakuntzarako euskarri izan nahi du. Ikerketa-proiektuak sustatu nahi ditugu, ezagutza antropologikoa zabaldu nahi dugu, azaleratzen ari diren eta jendarte osoa kezkatzen duten fenomeno sozial eta kulturalak aztertzeko guk ere geure harri-koskorra ekarri nahi dugu. Eta hori guztia ikuspuntu holistiko, konplexu eta zorrotzetik.