BAGINEN BAGARA. Emakume Artistak: ikusgarritasun(ez)aren logikak

Otsailaren 15ean, Donostiako San Telmo museoa bisitatu genuen, aldi baterako erakusketarako proposamen interesgarri batek erakarrita: “BAGINEN BAGARA. Artista emakumeak: ikusgarritasun(ez)aren logikak”.

San Telmo museoaren proiektuko komisarioak Haizea Barnecilla eta Garazi Ansa dira. Erakusketa San Telmo museoaren proiektu baten parte izanik. Bere bildumako emakumeek egindako lana ikertzen eta dokumentatzen da. Lanean hasi eta gero, Gordailuan dauden eta Gipuzkoako Foru Aldundiarenak diren obretara zabaltzea erabaki zuten. Prozesu horrek guztiak aukera ematen du Gipuzkoan bilduma publikoak nola eraiki diren aztertzeko. Era berean, artistek zer ikuspen izan duten eta zer tratu jaso duten ikertzen da. Azterketa honen harira, Kutxa Fundazioaren obrekin kontatu zuten. Horiekin lehiaketen garrantzia irudika daiteke eta bereziki Gipuzkoako Emakume Pintoreen Lehiaketarena.

Bi urteko lana, aldi baterako erakusketarekin amaitu da. Barnecilla eta Ansak, argi utzi dute, artista emakumeen ehunekoa oso txikia izan dela bildumetan. Gabezia horren zergatia eta hori eragiten duten sustraiak aztertu dituzte. Artearen munduan, museoek funtsezko zeregina izan dutela emakume artisten lanek jasan duten bazterketan edo gutxiespenean, argi uzten dute. Erakusketa honen bidez, emakumeek sortutako funtsen obrak ikusarazi eta balioesten dira. Beste asmo bat da,  emakumeek sortutako artea agerian utziko duten diskurtso eta ikerketa politika berriak, hala nola obrak eskuratzeko eta erakusketetarako argudioak azaltzea.

Artearen Historian, gizonezkoen gehiengoaren egungo diskurtsoa aldatzea lan nekeza eta konplexua da. Emakume artistak une jakin bateko sortzaile eta bizikide gisa, bilakaera artistikoko gainerakoekin partaide gisa sartzeko, beharrezkoa da museoen, kritikaren, enkante-etxeen, arte-merkatuaren, heziketa-proiektuen, analisi kritikoen, bistaratze-politiken eta abarren inplikazioa. Emakume artisten bazterketaren erantzule izan diren museoen eta Artearen Historiako logiken zereginera hurbiltzeko helburua betetzen du erakusketa honek.

Aldi baterako erakusketa baino lehen, hiru hitzaldi aurkeztu dituzte emakumeek museoetan eta artean duten lekuari buruz gogoeta egiteko:

“Emakumeen artisten erakusketak vs erakusketa feministak”; Isabel Tejeda–San Telmo Museoa

Isabel Tejeda, Murtziako Unibertsitateko irakasleak, Espainiako estatuan emakumeak bakarrik protagonista dituzten lehen erakusketetako batzuk aztertzen ditu. Ikuspen iraunkorreko estrategia hau, joan den mendeko 90eko hamarkadatik aurrera tesi feministen diskurtsoak txertatzearekin konparatuko da.

“Emakume artistak eta autoordezkaritzako praktikak XX. mendean”; Patricia Mayayo | STM

Hautatutako kasu batzuen bidez, XX. mendean emakume artistek garatu dituzten irudikapen-estrategiak aztertzen ditu hitzaldi honek. Emakumeentzat, “Niaren eszenaratzea” tresna garrantzitsua izan da artista gisa zuten posizioa baieztatzeko, ezagutuarazten ez zituzten sistema batean, baita bere garaian nagusi ziren genero-eredu batzuk zalantzan jartzeko.

Patricia Mayayo Madrilgo Unibertsitate Autonomoko irakaslea da.

“Emakumeak abangoardien arte-eszenan”; Concha Lomba–San Telmo Museoa

Concha Lomba Zaragozako Unibertsitateko irakaslea da.

Heriotza politiko baten oroitzapen publikoa: kazetaritzako historiografia eta erritualitate publikoaren etnografia ( José Luís Cano Pérez, 1949-1977)

Idazleak: Lera-Ikerguneko kideak:

Kepa Fernández de Larrinoa

Karlos Irujo Asurmendi

Santiago Martínez Magdalena

Txuri Ollo Gorriti

Cristina Saura Blanco

Argitarapena: Cuadernos de Etnología y Etnografía de Navarra, 94. zk., 2020. urtea.

Nafarroako Gobernua, 157-223 or.

LABURPENA
Trantsizioan, frankismoa oso zakar eta makur aritu zen erregimenaren jarraipenaren
aurkako gizarte-mugimenduen aurka. Testuinguru horren barruan, Amnistia eta
Askatasuna adierazpenak elkarren sinonimo bilakatu ziren. Jose Luis Cano Perezen
hilketa 1977ko maiatzean gertatu zen. Artikulu honek haren heriotzaren oroitzapen
jorratzen du. Zehazki, 1977-2018 aldia aztertzen du. Oroitzapenaren eta ahanzturaren
mekanismoei begiratzen die. Kazetaritzaren historiografian eta bertan-bertako lanean
oinarrituta, egileek, aldi berean kultura materiala eta materiagabearen, arts memoriae-ren
eta sinbolizazio politikoko kanonen sintesi etnografikoa aurkezten dute. Kontzeptuzko
elaborazio erreflexiboetatik eta oinarri teoriko kontrastagarrietatik eratorritako
hausnarketak egin beharrekoak dira «memoria historikoarekiko» lotutako ezein kulturapolitika formalki abiarazi aurretik.
Gako hitzak: Antropologia politika; Estatu-indarkeria; Trantzizioaren historia-gomuta;
Nafarrroa

Boterea, diskurtsoa eta subjektibotasuna (Nikaraguarren migrazio esperientzia Nafarroan)

Tesi-egilea: Txuri Ollo Gorriti

Herrialde igorlearen eta hartzailearen ikuspuntutik abiatuz, lan honek mugikortasunaren egiturazko arrazoiak erakusten ditu. Elkarri lotua den eta elkarren menpean bizi den mundu globalizatu honetako migrazio-gertaerak aztertzen dira. Antzina emigranteen igorle ziren herrialdeek gaur egun immigrazioa kudeatzeko eta tratatzeko duten modua ulertzen saiatzen da, erakundeek helburu utilitaristekin, politika murriztaileak nola aplikatzen dituzten azaleratuz. Baztertzeko eta barnean hartzeko mekanismoen funtzionamenduan murgiltzen da, alderdi sozialetan sakonduz Antropologia Soziokulturala deritzogun diziplinaren arloan. Aztertutako gertaeren edo datuen azalpena eta interpretazioa Nikaraguako gizarte-talde bati buruzkoa da, Nafarroako testuinguru soziopolitiko eta historiko jakin batean kokatzen delarik

Tesi-egilea: Txuri Ollo Gorriti

2012ko otsailaren 23an Nafarroako Unibertsitate Publikoan, NUP-en defenditua

Antropologia Saila

Tesi-zuzendaria: Kepa Fernandez de Larrinoa

Gizarte antropologia martxan. Arakadia Antropologia Elkartearen aurkezpena

Atsegin handiz gonbidatzen zaitugu Arakadia Elkartearen aurkezpenera Iruñeko UNEDen (UHUN), otsailaren 16an, asteazkenean, 19:00etan.

Talde erakusketa bat izanen da, eta bertan, lehen pertsonan, antropologiako lanez eta esperientziez hitz egingo da, bai UHUN barruan egindako ikasketetaz, bai ondorengo garapenetaz. Parte hartzeko giroa sortu nahi genuke, galderak, erantzunak eta kezkak trukatzeko. Hemen gauden pertsona batzuk Iruñako UHUNean  ikasi dugu eta bertako ikasleen zailtasunak hurbiletik ezagutzen ditugu.

ARAKADIA Antropologia Elkartea, antropologiako profesionalek, ikasleek eta analisi soziokulturalean interesa dugun pertsonek osatzen dugu. Antropologia, mundu globala ulertzen lagun diezaigukeen diziplina da, baina baita ere egoera lokalak ikertu eta ulertzeko diziplina. Elkartea modu horizontal eta demokratikoan egituratu da, eta antolamendu gardena, parte-hartzailea, independentea eta plurala izan nahi du.

Aukeratutako izena, ARAKATU euskal hitzaren (aztertu, ikertu, analizatu) eta ARCADIA grekoaren arteko nahasketa da, gizakiok gizartean imajinatzen eta praktikatzen ditugun komunitateen erreferentzia-ikur gisa ikusiz.

Gure asmoa topaketarako eta komunikaziorako gunea izatea da. Antropologia oso ezezaguna da oraindik jendartearen zati handi batentzat; horregatik, tresna bat izan nahi genuke gizartean ikusgarritasuna eta ezagutza publikoa lortzeko; talde-lanaren bidez, jendartearen eskura dagoen antropologia bultzatzen dugu.

Gure partaidetza-kulturakoak ez diren beste pentsamolde batzuei buruzko begirada gogoetatsua erakutsi nahi dugu, begirada bitxia, Bestea aurkitzen lagunduko diguna, besteen ohiturak eta norberarenak modu trinkoan eta arrazoituan aztertzen dituen begirada. Epaiketarik, sailkapenik edo aurreiritzirik gabeko begirada; izan ere, antropologia etengabe eraikitzen ari den ezagutza/zientzia da, egia absoluturik gabea. Historiari eta orainari buruzko begirada. Gizakia, pertsonak, analisi soziokulturalaren ardatzean kokatzen dituen begiradan oinarritzen da. Uste dugu aldaketa kultural azkarren eta identitatearen birkonfigurazioen garaietan beharrezkoa dela kulturak ulertzeko begirada bat izatea, baina horrek ez du esan nahi arlo guztiak partekatzen ditugunik.

ARAKADIAko kideok konpromisoa hartu dugu gure azterketa eta ikerketa-lanetan kode etikoa erabiltzeko, giza eskubideak, sozialak, zibilak, politikoak eta ekologikoak kontuan izanik.

ARAKADIAk ikasleentzat eta elkartekideen prestakuntzarako euskarri izan nahi du. Ikerketa-proiektuak sustatu nahi ditugu, ezagutza antropologikoa zabaldu nahi dugu, azaleratzen ari diren eta jendarte osoa kezkatzen duten fenomeno sozial eta kulturalak aztertzeko guk ere geure harri-koskorra ekarri nahi dugu. Eta hori guztia ikuspuntu holistiko, konplexu eta zorrotzetik.